XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), eta mordoska bat inguratzen zitzaionean, urez betetako palangana luzatzen zien eta katuek herioan hastantzen ziren.

Honek algaraka jartzen zuen Don Clemente.

Auzoko mutxurdin batek esan zuen behin ea ez ote zen zoroetxetik aldegin eta apaizez jantzirik etorritako norbait, baina jende gehienak txolintzat jo zuen andrea.

Don Clementeri beste zerbait gertatzen zitzaion.

Egunak botatzen zituen animaliekiko mendekuak bilbatzen.

Hiru astetan ez genuen mezatan besterik ikusi eta kasik ez zitzaion antzematen Jaungoikoaz edo animalietaz hitzegiten zuen.

Batzuetan joaten nintzaion etxera baina besotik heldu eta fauna domestikoari begira jartzen ninduen eta animalien artean lagunak zituenak eta arerioak bereizten erakusten zidan.

Sinesgaitza zen kontatzen zuena baina azken aldera itzuri egiten nituen berekiko solasaldiak, batzuetan errealitatearen zedarriak galtzear sentitzen bait nintzen animalietaz hasten zitzaidanean.

Hasieran usu hitzegiten bagenuen ere, azkenaldera gure adiskidantza lizundu egin zen.

Gero eta gehiago ematen zion zurrutari eta honek oraindik arinago bihurtu zuen gizona.

Noiznahi ikusiko zenuen egun txinta alderarte jokoan, eta apika hamazazpi egunetan ez zen, kalera aterako.

Inguruko herrietan taigabe gaizbidekatzen ziren Don Clementeren ibilerak entzuterakoan, eta zenbait etorria zen meza entzutera gizon hura ikustearren.

Egia esan, Belandian ohitu ere egin ginen bere xelebrekerietara, baina mozkorra pasatu gabe bota zuen hilabete oso baten ondoren ausartu nintzen apaizkideei gutun hura idaztera.

Arrenguraz beteriko gutun bat idatzi nien baina egia zehatz-mehatz kontatuz, ni ez bait naiz arazoei buelta asko ematen dien gizona.

Aurki etorri ziren seminario garaiko lagun onenak.